Descubre millones de libros electrónicos, audiolibros y mucho más con una prueba gratuita

Solo $11.99/mes después de la prueba. Puedes cancelar en cualquier momento.

Legitimitateak talkan
Legitimitateak talkan
Legitimitateak talkan
Libro electrónico398 páginas3 horas

Legitimitateak talkan

Calificación: 0 de 5 estrellas

()

Leer la vista previa

Información de este libro electrónico

Jatorrizko Herriek eta Nazio Gutxituek testuinguru demokratikoan jorratzen dituzten lanetan inspiraturik, Alain-G. Gagnonek begirada berri bat eskaintzen die gehiengoen eta gutxiengoen arteko harremanei, eta, aldi berean, aurrerapen teorikoak aztertzen ditu, bai ikasketa federalen alorrean, bai nazionalismo garaikideenean.
2020-2030eko hamarkada egokia izan liteke federalismo multinazional bat sortzeko nazioarte mailan. Estatu berrien sorreraren aurrean potentzia handiek eta nazioarteko erakundeek bizi duten deserosotasun gero eta handiagoaren aurrean, federalismo multinazionala aztertzeak berebiziko garrantzia du une honetan. Gutxiengoen nazioek estatu subiranoarekiko erakusten duten leialtasunaren ordainetan, federalismo multinazionalak aukera emango lieke jatorrizko subiranotasuna berreskuratzeko –edo berrezartzeko–, betiere kontuan hartuta kide politikoekin koordinatu eta ituntzeko premia dutela, eta haiekin bizi behar dutela egitura federaletan edo federalizazio-bidean daudenetan.
Gaur egun, funtsezkoa da errebindikazio-gatazkak legitimitatearen kontzeptuan oinarritzea, estuegia gertatzen den legezkotasunaren kontzeptuan oinarritu ordez.
IdiomaEspañol
EditorialAlberdania
Fecha de lanzamiento5 dic 2022
ISBN9788498687798
Legitimitateak talkan

Relacionado con Legitimitateak talkan

Libros electrónicos relacionados

Estudios de idiomas extranjeros para usted

Ver más

Artículos relacionados

Categorías relacionadas

Comentarios para Legitimitateak talkan

Calificación: 0 de 5 estrellas
0 calificaciones

0 clasificaciones0 comentarios

¿Qué te pareció?

Toca para calificar

Los comentarios deben tener al menos 10 palabras

    Vista previa del libro

    Legitimitateak talkan - Alain G. Gagnon

    AURKIBIDEA

    Esker ona

    Sarrera

    Jakintza-arloari egindako ekarpen zientifikoa

    Obraren aurkezpena

    1. kapitulua. Lehen mugarriak: legezkotasuna, legitimitatea, demokrazia justua

    Eraikuntza nazionala

    Egonkortasun politikorako funtsezko baldintzak

    Demokrazia justua

    Erreferentziak birpentsatzen

    Argitu beharreko kontzeptu batzuk

    2. kapitulua. Kanadako proiektu federalaren oinarriak eta eraldaketak

    Asmo nazional kanadarra

    Politika «nazional» nagusiak

    Boterearen zentralizazioa

    Boterea lortzeko borroka gobernu zentralaren eta estatu federatuen artean

    Quebeceko mugimendu nazionalista eta probintzien aldibereko gorakada

    Nazioarteko ekonomia

    3. kapitulua. Multinazioaren aurrerapen kontzeptualak eta subiranotasun partekatu baten ideiagintza

    Lurralde-federalismotik federalismo multinazionalera

    Tradizio federal nagusiak

    Paktismoa edo itunen bidezko federalismoa

    Quebec eta jatorrizko herriak

    4. kapitulua. Ordena politiko kanadarra eta nazionalismo konstituzionala

    Errelato historiko kontrajarriak

    Abertzaletasun konstituzionala

    Deliberazio konstituzionala

    Konstituzionalismo deliberatiboa

    5. kapitulua. Demokrazia liberal aurreratuen barneko dibertsitatea

    Dibertsitate kontzeptua

    Dibertsitatea gizarte modernoen ezaugarri nagusi gisa

    Dibertsitate sakona alde batera uztearen arriskua

    Konstituzionalismo zaharraren espiritua eta benetako proiektu federal baten sustapena

    6. kapitulua. Nazioarteko testuingurua eta eskubideen auzi kezkagarria

    Jaltako Batzarretik Berlineko Harresiaren erorialdira

    Sobietar Batasunaren zatikapenetik proiektu nazionalista espainiarraren porrotera

    Gutxiengo nazionalen, nazio minoritarioen eta jatorrizko herrien eskubideak

    Gehiengoen gorakada

    7. kapitulua. Federalismo multinazionala:erronkak, kezkak eta promesak

    Federalismo multinazionala: definizio-elementu subsidiarioak

    Eraikuntza nazionaleko prozesuak

    Federalismo multinazionala: presazko premia bat

    «Nazio» eta «estatu» nozioak desberdintzea

    Benetako aitortza-politika bat ezartzea

    Autonomia politikoaren eta botere-banaketaren artean oreka justuagoa garatzea

    Ondorioak

    Legitimitatea

    Asmoak eta hertsadurak

    Ohiko bideetatik ateratzen

    Akordio konstituzionalak berrirudikatzen

    Erantzuna eta erresistentziak

    Bizirik dagoen zuhaitz baten moduan hedatzen den konstituzio bat

    Epilogoa. Etorkizuneko aukerak

    Bibliografia

    Esker ona

    2017an Parisen igaro nuen urte sabatikoan hartu zuen forma liburu hau idazteko ideiak. Quebec Garaikideari buruzko Ikerketa Katedraren titularra nintzen Sorbona Berrian, aldi berean Parisko Ikasketa Politikoen Institutuan irakasle gonbidatua nintzelarik. Ikertzea eta indarberritzea helburu zuen egonaldi hartan, aukera izan nuen Sorbona Berrian pluralismo kultural eta juridikoari buruzko zenbait kongresu garrantzitsu antolatzeko, baita Parisko Ikasketa Politikoen Institutuan «Nazioen etorkizuna: jarraitutasuna eta haustura» gaiari buruzko programazio oparo bat prestatzeko ere nire lankide eta Nazioarteko Harremanetako Ikerketa Zentroaren zuzendari Alain Dieckhoffekin batera. Ikasketa Politikoen Institutuan egindako kongresu haiek oso lotuak daude liburu honen edukiarekin. Izan ere, testuinguru multinazional eta demokratikoko nazionalismoaren eta bizikidetzaren inguruko ikerketa garaikideak eztabaidatzea zen hizlarien eginkizuna. Tribuna horretan aritutako lankideekin izandako trukea inspirazio-iturri handia izan zen –aipa ditzadan, besteak beste, Uriel Abulof, Carles Boix, Gérard Bouchard, Craig Calhoun, Alain Dieckhoff, Jan Erk, Jonathan Fox, Jule Goikoetxea, Daniel Salée eta Pierre de Senarclens–, baina, batez ere, liburu hau idatzi behar nuela konbentzitu ninduen.

    Ezinezkoa zatekeen liburu hau gauzatzea nire esker ona merezi duten hainbat pertsonaren laguntzarik gabe. Gogoan ditut, hasteko, nire lehenbiziko ideiak probatzean aurrean izan nituen goi-mailako zikloetako ikasleak. Bai UQAMeko Zientzia Politikoen Saileko, bai bi urtean behin demokraziari eta dibertsitateari buruz egiten den Udako Institutuko, bai askotariko mahai-inguru eta mintegietan parte hartutako pertsonen erantzuna eskuzabala eta eskertzekoa izan da beti. Liburu hau komentatzeko aukera izan dutenen artetik, aipatzekoak dira bai Gizarte Plurinazionalei buruzko Ikerketa Taldeko nire lankide Geneviève Nootens, bai Félix Mathieu doktoretza ondoko ikertzailea (Pompeu Fabra Unibertsitatea, Bartzelona), oso iradokizun egokiak egin baitizkidate testuari kohesio handiagoa emateko, baita Jeremy Elmerich doktoregaia ere (UQAM / Frantzia Garaiko Unibertsitate Politeknikoa, Valenciennes), besteak beste politika europarrari buruzko zenbait alderdi inportante argitu baitizkit. Halaber, eskerrak eman behar dizkiot Dave Guénette doktoretza ondoko ikertzaileari (McGill Unibertsitatea), garrantzi handiko erronka juridiko batzuk identifikatu baititu, bestela itzalean geldi zitezkeenak.

    Quebectar eta Kanadar Ikasketei buruzko Kanadako Ikerketa Katedrari dagokionez, Olivier De Champlain nabarmendu behar dut, noski, 2005az geroztik ikerketako jardueren koordinatzaile nagusia dena, beti baitago prest bere jakituria partekatzeko eta gure lanei ahalik eta sakontasun analitikorik handiena ematen lagunduko diguten pista berriak iradokitzeko. Bidenabar, eskertzekoa da hark eskatuta azken urteotan gidatu behar izan ditudan doktoregaiek tesia defendatu arte egindako ekarpena ere: Paul May (2013), Alexandre Germain (2015), Étienne Schmitt (2016), Valérie Vézina (2016), Jean-Charles St-Louis (2018), Jean Rémi Carbonneau (2019), Marc-André Houle (2020), Félix Mathieu (2020) eta David Sanschagrin (2021). Haiekiko hartu-emanari eta beste doktoregai eta doktoretza ondoko ikasle askorenari esker –hala nola Oscar Berg, Audrey-Anne Blanchet, Antoine Brousseau Desaulniers, Jeremy Elmerich, Dan Freeman-Maloy, Guillaume Lamy, Benoît Morissette, Dan Pfeffer, Marc Sanjaume, David Sanschagrin, Gustavo Santafe, Arjun Tremblay eta Catherine Viens–, aukera izan dut nire analisiak findu eta argudioak indartzeko.

    Dirulaguntzak eman dituzten erakundeek ere –Quebeceko Ikerketa Funtsa: Gizartea eta Kultura (FRQSC) eta Giza Zientzietako Kanadako Ikerketa Kontseilua (CRSH)– esker ona merezi dute ikerketako aurrekontuak halako modu porrokatuan defendatzeagatik, askotan arriskuan egoten baitira. Alabaina, unibertsitateko ikerkuntzak –prestakuntza-ziklo eta diziplina guztietako irakasle eta ikasleek gauzatzen dutena– babesa eta sustapena merezi du, nola unibertsitatean sartuko diren talde berriek ahalik eta prestakuntzarik hoberena izango dutela ziurtatzeko, hala ezagupenak ahalik eta gehien hedatzen laguntzeko.

    Azkenik, eremurik pertsonalenean, eskerrak eman behar dizkiet nire emazte Louiselle Lévesqueri eta gure seme Vincenti, beti hor egoteagatik eta beren bizipozagatik eta sostenguagatik. Liburu hau haiei eskainia dago batez ere.

    Sarrera

    2021. urtea aukeratu nuen trilogia hau osatzeko, Nazio bateratzailerik ez: nazio ugariko federalismoaren aldeko aldarria¹ liburuaren argitalpenarekin 2007an hasi zena eta Ziurgabetasunaren aroa: federalismoari eta nazio aniztasunari buruzko saiakerarekin 2011n jarraitu zuena. 2020ko hamarkada garai aproposa izan liteke nazioarteko mailan federalismo multinazionala zabaltzen hasteko. Kontuan hartuta estatu berrien sorrerak gero eta ezinegon handiagoa eragiten diela potentzia handiei eta nazioarteko erakundeei, arretaz aztertzekoa da federalismo multinazionalerako bidea.

    Tentsio sozial handiko harremanak izaten ari dira estatu plurinazional batzuen barneko zenbait komunitate politikoren artean, eta arreta berezia eskatzen du horrek. Etiopia datorkigu gogora, Afrikan lider bilakatu zena federalismo plurinazionalaren bidean, baita Irak ere, federalismoarekin lotutako zenbait mekanismo ezarri zituena, edo, are Europaren bihotzean, Espainia, bere autonomien estatuaren sui generis eredua alde batera utzi nahi duena. Europaz ari garela, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeak agerian jartzen du hainbat gobernuri ezinegona sortzen diela estatu-mailan subiranotasuna galtzeak.

    Azken hamarkadek argi eta garbi erakutsi dute Kanadako eta Quebeceko esperientziak eragin handia izan duela nazioartean dibertsitate nazionala eta komunitarioa kudeatzeko moduei dagokienez. Gaur egun, ezinezkoa da filosofia politikoaren, zuzenbidearen edo zientzia politikoen arloko egile nagusien lanak kontsultatzea kanadar eta quebectar egileei buruzko hainbat eta hainbat erreferentzia aurkitu gabe. Horien artean, azpimarratzekoak dira Charles Taylorrek, Geneviève Nootensek, Will Kymlickak eta James Tullyk gogoeta politikoaren inguruan idatzitako lanak, John Borrowsek, Eugénie Brouilletek, Peter Russellek eta José Woehrlingek zuzenbide konstituzionalaz argitaratutakoak, Gérard Bouchardek eta Brian Youngek historiari buruz egindakoak eta, zientzia politikoen arloan, Linda Cardinalek, Jane Jensonek eta Guy Laforestek kaleratutakoak.

    Quebecen eta Kanadan dibertsitate nazionala kudeatzeko orduan nagusitu den ereduaren azterketa gaur egun Alemanian, Belgikan, Espainian, Erresuma Batuan, Magreben, Ekialde Hurbileko eta Ertaineko herrialde gehienetan, Hego-ekialdeko Asian, Txinan, Indonesian, Japonian eta beste hainbat tokitan izaten ari diren eztabaida politiko eta sozial handien erdigunean dago. Ikusi besterik ez dago zer-nolako analisiak egin diren Kanadako Gorte Gorenak Quebecen sezesioari buruz onartutako ebazpenaren² edo Diferentzia Kulturalei lotutako Integrazio Jardunbideei buruzko Kontsultarako Batzordearen txostenaren argitalpenaren harira (Bouchard-Taylor Batzordea)³. Dudarik gabe, garrantzi handiko bi garai izan ziren horiek herrialdearen bizitza politikoan. Momentu horietako bakoitzak eskala handiko oihartzuna izan du debate publikoetan. Hain zuzen ere, ebazpen horren eta Bouchard-Taylor txostenaren inguruan egin diren analisiek zenbait tresna eman dizkiete barreneko dibertsitate nazionalen integrazioaren desafioari aurre egin behar izan dioten estatuetako agintariei. Horren adibideak ikusi ditugu Espainiako gobernu zentralak Kataluniako Generalitateari egoskorkeriaz ukatu zionean biztanleriari bere etorkizun politikoari buruz libreki kontsulta egiteko eskubidea, edo, modu ez hain bortitzean bada ere, Theresa Mayren eta geroago Boris Johnsonen gobernuek Eskoziako Gobernuari baimenik eman ez ziotenean herri-galdeketa bat egiteko Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioak gehiegi luzatzen ari ziren unean.

    Monografia honen sarrera gisa, labur-labur nabarmendu nahi dut nolako ekarpena egin duten Gizarte Plurinazionalei buruzko Ikerketa Taldeko kideek (GRSP) bai gizarte plural eta pluralista bat eraikitzeko, bai deliberaziora eta komunitateen arteko harremanetara zabalik dagoen bizitza demokratiko bat posible egiteko. 1994ko udazkenean sortu zenetik nire zuzendaritzapean egon den talde horretako kideek⁴ etengabe jarri izan dute beren esperientzia hainbat herrialderen, agintari publikoren eta nazioarteko erakunderen zerbitzura. Ekarpen nabarmena egin diote puri-purian zegoen gai ugariri, baita desafio sozial garrantzitsuak landu ere. Azpimarratzekoa da arlo desberdinetako ikertzailez osatua dagoela taldea (kanadar politika, politika konparatua, filosofia politikoa, zuzenbidea), baina guztien aztergaiak lotuak daudela gizarte liberal eta demokratikoen barneko dibertsitate nazionalarekin. Azken azterlanetan jorratu dituzten gaiak gehienen nazionalismoa (2003-2008) eta gizarte plurinazionaletan martxan dauden konfiantzazko eta mesfidantzazko dinamikak izan dira (2008-2013), eta, 2014az geroztik, taldeko kideek estatu plurinazionaletako konstituzionalismoari eta politika konstituzionalari buruzko gaietan izan dute interesa bereziki, hau da, erreforma konstituzionalen arloko aldarri­kapenekin lotutako dinamika politikoei buruzkoetan. Programa horretan, Konstituzioa aldatzeko izandako askotariko saialdiak aztertzen dira, zeinek helburu izan baitute joko politikoaren arauak eta, batzuetan, estatuaren funtzionamendua bera eraldatzea. Analisi hau barne hartzen duen gaur egungo programazioaren xedea hiru ikerketa-ildo irekitzea da: (1) demokrazia multinazionaletako eragile politikoek proposatutako erreforma konstituzionalen kalitatea; (2) deliberazioen nolakotasuna nahiz mobilizatzeko moduak baldintzatzen dituzten elementuak auzi konstituzionalen inguruan; (3) jardute demokratikoaren erreforma eta sakontzea egiteko saiakeren inguruko prozesu eta ekintzen eragina. Kezka horiek zenbait lan bideratuko dituzte azterketa konparatiboen arloan, baita hainbat kasu-azterketa ere; horien artean, batez ere, Eskozia eta Erresuma Batuarenak, Katalunia eta Espainiarenak eta Quebecen eta Kanadaren arteko dinamikarenak, baita herri autoktonoek (Kon)federazioko gobernuko erakundeekin dituzten harremanenak ere.

    Oro har, GRSPren programazioak hiru ardatz nagusi ditu. Lehenbizikoak gogoeta bat proposatzen du politika konstituzionalaren funts normatiboei eta konstituzionalismoaren bilakaeraren inguruko ideien inpaktuari buruz (barneko eta kanpoko autodeterminazioa, justiziaren eta egonkortasunaren bilaketa, eskubide indibidual eta komunitarioen orekaren bilaketa, etab.). Ardatz horretan diharduten lankideek gidatutako proiektuek helburu jakin batzuk dituzte, hala nola (1) eskubideek konstituzionalismo liberalaren etorreraren kapituluan duten garrantzia jakitera ematea, (2) testuinguru plurinazionaleko hausnarketaren desafio garaikideak argitzea eta (3) politika konstituzionalaren teorizazioan sakontzea. Bigarren ardatzari estuago lotutako ikertzaileek erreforma konstituzionalak egituratzen dituzten erakunde politikoak eta eragile politikoen rola dituzte aztergai. Arreta berezia jartzen diete dinamika konstituzionalak garatzeko prozesuei, aldi berean probetxua atereaz epe luzeko analisi konparatiboari (askotariko testuinguru instituzionalak, presente dauden eragile eta interesak, tentsioan dauden ideia politikoak). Hirugarren ardatzak barne hartzen dituen ikertzaileek, bestalde, zuzenbidearen arauen eragina analizatzen dute (zuzenbide konstituzionalaren nahiz nazioarteko zuzenbidearen arauena), eta erreforma konstituzionalen prozesuetan zuzenbideari nolako erabilera politikoa ematen zaion ere aztertzen dute. Ardatz horren inguruan gauzatzen diren ikerketek interes nagusi bat dute: nolako ekarpena egiten dioten konstituzioek herritarren ongizateari eta nolako eragina duen bizitza politikoaren judizializazioaren fenomenoak.

    GRSPko kideek egindako lanen esparruan gauzatu dut trilogia-proiektu hau, eta, horrexegatik, esker ona eta zor akademikoa adierazi nahi diet, hogeita bost urtez beren ideiak eta mundu-ikuskerak eskuzabaltasun osoz partekatu dituztelako eta horiek alderatzeko prest agertu direlako. Espero dezagun hartu-eman horrek aurrera jarraitzea eta pentsamolde aberats bezain desberdinak dituzten partaideek hura elikatzen segitzea.

    GRSPren barnean, nire lanek nagusiki aztertu dute nola sortzen diren federalismo multinazionala ezartzearen aldeko baldintzak herrialde batzuetan non dibertsitate nazionala baita ondasun politiko nagusia, estatu subiranoak bere legitimitatea oinarritu ahal izateko itunaren jatorrian dagoena.

    Nazio bateratzailerik ez: nazio ugariko federalismoaren aldeko aldarria liburuan, ikerketa federaletako adituen lanetan gehiegietan alde batera uzten diren alderdi normatiboak nabarmentzen saiatu nintzen; izan ere, horien ikuspuntua gogoeta enpiriko, tekniko eta deskriptiboetara mugatu ohi da, eta gutxitan ematen diete ahotsa estatu subiranoak osatzen dituzten populazio minoritarioei. Alabaina, funtsezkoa da estatuak aldatzera eramaten dituzten tradizioak ulertzea, baita haien ekintzen oinarri diren printzipioak ere. Estatu federaletan, askotan, agintariek desagerrarazi egiten dute dimentsio hori. Horregatik, garrantzi­tsua da gure ikuspuntu eta jokabideak berriz ebaluatzea; bestela, aginpidea duten elite politikoen legitimitatea urritu besterik ez da egingo. Jardunbide demokratikoak sakondu eta zabaldu beharra dago, eta orain da horretarako unea. Helburu horiek kontuan hartuta idatzi dut monografia hau.

    Jakintza-arloari egindako ekarpen zientifikoa

    Nazio bateratzailerik ez lanaren ekarpen nagusia filosofia liberal garaikideek helarazi dizkiguten elementu arautzaile nagusiak ezartzea da, hain zuzen ere komunitateak ikusgai jartzea (Tully, 1999a) eta multzo handiagoen barnean ahalduntzea xede dutenak. Elementu arautzaile horiek justizia, berdintasuna, askatasuna, senidetasuna eta elkartasuna dira, eta horiek errespetatzearen jomuga aldi berean estatuen egonkortasuna eta, batez ere, iraunkortasuna bermatzea da, betiere haien legitimitatea ezarriz. Lanaren asmoa, halaber, jardun politikoaren erdi-erdian hiru printzipio nagusi tentsioan jartzea zen, hots, komunitatearen printzipioa, berdintasunaren printzipioa eta demokraziaren printzipioa. Printzipio horietako bakoitza modu jakin batean hezurmamitzen da, baliabideak esleitzeko eta botereak partekatzeko erreferentzia nagusi gisa Federazioak bide plurinazionalaren⁵ edo lurraldetasunaren bidearen alde egiten duen.

    Kanadaren kasuan, nazioaren gehiengoa ez ohi da agertu komunitatearen printzipioa babesteko oso prest, eta, hala ere, tentsio politiko handiko uneetan, onartu egin du Quebecek zilegi zuela demokraziaren printzipioaren erabilera osoaz baliatzea. Hala gertatu zen bai burujabetzari eta elkarketari buruzko 1980ko maiatzeko erreferendumean, bai akordio konstituzional baterako proiektuari buruzko 1992ko herri-galdeketan (Charlottetowneko proiektua) eta bai burujabetzarako eta aliantzarako proposamenarekin lotutako 1995eko urriko erreferendumean.⁶ Belgikaren kasuan, 1970eko hamarkadaren hasieraz geroztik, eragile politikoak komunitatearen printzipioa onartzearen alde agertu ziren (Van den Wijngaert, 2011), betiere nazioarteko harremanen arloan subiranotasuna partekatzearen eta iraunaraztearen aldeko gaitasun estatikoa sakonduz (Paquin, Beaudoin, Comeau, Lachapelle, 2006) eta –flandriar komunitate oparoaren kasuan– gizarte-segurantzaren arloan berdintasunaren printzipioa saihesten ahaleginduz (Béland eta Lecours, 2008, 2012).

    Belgikaren nahiz Kanadaren ibilbideak harritzekoak dira; izan ere, bide desberdinak hartu dituzten arren, biek ala biek tentsio politiko handiko uneak bizi izan dituzte azken mende erdian, horien arrazoiak oso bestelakoak izan badira ere. 1990eko hamarkadaren erdialdera Belgika eta Kanada beste behin egonkortasun estatikoa lortzeko formula irabazle baten bila ari zirelarik, Dimitrios Karmis lankideak eta biok azterketa konparatu bati esker agerian jarri genuen ezen konstituzioaren araberako formula desberdinek antzeko emaitzak izan ditzaketela. Belgikaren kasuan, eragile politikoek zatiketa kultural eta linguistikoa bultzatu dute bertako komunitate politikoen arteko harremanak murrizteko, eta Kanadan, berriz, gobernu zentralak neurri «unibertsalizatzaileak» bultzatu ditu etengabe programa sozialak, osasun-arretako programak eta bestelako ekimenak ezartzeari dagokionez. Hala eta guztiz ere, ekintza horiek antzeko emaitza izan dute, zatiketa identitario handiagoa, alegia. Bi kasu jakin horietan, hartutako erabakiek deskonexio identitarioko prozesuak elikatu dituzte, dela orokorregiak izateagatik, dela bereizgarri edo berezitasun gehiegi edukitzeagatik (Karmis eta Gagnon, 1996: 435-468).

    Trilogia honen bigarren lanak, Ziurgabetasunaren aroa: federalismoari eta nazio aniztasunari buruzko saiakera izenekoak, jarrera filosofikoagoa du. Haren bidez, eragile politiko eta sozialak bai estatuaren funtzionamendua eta bai estatuaren funtzio nagusien eskudantzia birpentsatzera bultzatzea zen nire asmoa, estatu plurinazionalak osatzen dituzten nazio minoritarioek adierazitako itxaropen eta premiak kontuan hartuta. Horrenbestez, estatuei, urteetan nola eraiki izan diren ikusita, botere-harremanak bideratzen dituzten arrazoiak birplanteatzea exijitu behar zitzaien, itun konstituzionalaren jatorrizko komunitate politikoen onarpen nazionalerako premiak asetzearren. Bigarren lan horretan, bi ideia nagusi nabarmendu nituen: alde batetik, nazionalismo liberalak –liberalismoaren beste edozein adierazpenek baino gehiago, zalantzarik gabe– jardunbide demokratiko osatuagoak ezartzeko funtsezko ezaugarriak dituela, eta, bestetik, eredu federala egoerarik aurreratuenera iritsi diren demokrazia liberaletan baizik ezin dela gauzatu.

    Erantzuna eman behar zitzaien nolabait nazionalismoak gizarte garaikideetan izango lituzkeen arriskuez ohartarazten ari ziren kritikatzaile ugariei. Nolanahi ere, Yael Tamirrek Liberal Nationalism liburu bikainean defendatutako jarrerarekin bat eginez, garrantzitsua da nazionalismo eta liberalismo kontzeptuak bateragarri egitea, batez ere ildo berean dutelako sorburua (Canovan, 1998: 237-253). Halako interpretazio-prozesu batek aukera ematen du Ilustraziotik iritsi zaizkigun liberalismoaren teoria klasikoak gainditzeko eta aurrerago pentsaera humanistaren korronte berri bat bultzatzeko (Todorov, 2008). Liberalismoaren teoria klasiko horien formulaziorik osatuena, dudarik gabe, John Rawlsek 1970eko hamarkadaren hasieraz geroztik ekoitzi dituen analisi burutsuetan egindakoa da.⁷ Tamirrek funtsezko elementu bat erantsi die teoria horiei, elkarrekin lotu baititu liberalismoa eta nazionalismoa.

    Rawlsek proposatutakoaren aurka, eta aintzat hartzen baditut ere hark liberalismo indibidualaren ikuskerari egindako ekarpenak herritarren artean berdintasun handiagoa eta komunitate politikoen ordezkaritza egokiagoa lortzeari begira, iruditu zitzaidan lehenik eta behin beharrezkoa zela aginte-harremanak pluralismo nazionalaren arabera birplanteatzea. Nire mundu-ikuskerari jarraikiz, horixe da estatua definitzen duen lehenbiziko elementua, eta, halakorik ezean, gizarteak ezingo lirateke beren ahalmen osoaz baliatu, eta beren ekintzek are legitimitate gutxiago edukiko lukete.

    Hortaz, guztia ezin da gizabanakoaren mailara mugatu, baina, aitzitik, borondate indibidualen eta izaera komunitarioko proiektuen arteko oreka justu baten arabera ulertu behar da. Horren harira, Joseph Yvon Thériaultek (2019) Sept leçons du cosmopolitisme : agir politique et imaginaire démocratique liburuan iradokitzen duenez, gizabanakoak beharrezkoa du gizarte bateko kide izatea eta bertan bizitzea. Horregatik, premiazkoa da itun federatiboaren jatorrizko kide politikoen arteko berdintasun-printzipioa errespetatzea.

    Christophe Parent juristari zor diogu estatu federal multinazionalari buruzko analisirik zorrotzenetako bat. Le concept d’État fédéral multinational : essai sur l’union des peuples liburuan, egileak honako hau defendatzen du arrazoi osoz:

    Identitate nazionalek prestigioa lortzeko modu bakarra horiek berezko lurralde identitarioak edukitzea da. Lurralde-autonomia horrek bidea ematen du nazio baten eskubide kolektiboak haren hizkuntzari eta kulturari lotzeko, eta, modu horretan, lurraldeak eskaintzen duen segurtasun linguistiko eta kulturalak orekari eusten lagunduko dio gutxiengo nazional eta gehiengo federatu bilakatutako nazioari. Hori eginez, estatu multinazionalak nazio berdinen arteko itun baten oinarria baieztatuko du, gutxiengo nazional batekiko tolerantzia hutsa baino areago. Azken batean, estatu multinazionalak bera osatzen duten kideen berdintasunean oinarritutako esparru kolektiboa aitortuko du, eta ez diferentzia nazionala onartzen duen printzipio batean oinarritutakoa (Parent, 2011: 79).

    Beraz, garrantzitsua da komunitate nazionalek taldeko esperien­tzia komun bat bizi dutela sentitzea eta eraikuntza identitarioko proiektu hori luzaro iraunarazi nahi izatea. Proiektu hori errazago gauzatuko da baldin eta komunitate politikoko kideek amankomuneko historia bat eta memoria bat badituzte.⁸ Federalismoak ahalmen handia du lurralde jakin batean baliabideak bateratzera bideratutako halako agertoki bat eskaintzeko. Hain zuzen ere, horixe proposatu zuen Will Kymlickak 1990eko hamarkadaren erdialdera. Haren ustez, «XVII. mendeaz geroztik, Kanadako bizitza politikoaren funtsezko errealitatea lurralde berean talde nazional desberdinak egotea izan da: autoktonoak, frantsesak eta ingelesak. Kanadaren historia politikoan erabakigarriak izan diren hainbat gertaerak talde nazional horien arteko harremanak birnegoziatzeko ahalegina izan dute ardatz. Alabaina, harreman horiek dira gaur egun herrialdearen egonkortasuna arriskuan jartzen duen mehatxurik handiena» (Kymlicka (2003 [1998]: 209).

    Kymlickaren hitz horiek egokiak izaten jarraitzen dute ingelesezko jatorrizko bertsioa argitaratu eta bi hamarkada geroago. Harrezkeroztik, urgentziaren sentsazio hori –Guy Laforestek garai berean aztertutakoa (Laforest, 1995)– pixkana-pixkana lausotuz joan da Kanadako bulego federal eta probintzialetan, eta, hala eta guztiz ere, nahiz eta ia-ia berrogei urte igaro diren, Quebecek ez dio bermea eman garai hartan inposatu zioten kanadar konstituzioa zentralizatzeko prozesuari.

    Trilogia honen bigarren liburukiak –Ziurgabetasunaren aroa– asmo nagusi bat zuen: eragile politikoei proposamena egitea komunitateen arteko harremanen inguruko gogoeta lehenik eta behin berdintasunezko ordezkapenean oinarrituta egiteko, indar-harremanetan baino gehiago. Bestela esanda, lanaren helburua zen imajinatzea modalitate batzuk, zeinetatik abiatuta komunitate politiko minoritarioak osatzen dituzten pertsonei aukera emango baitzaie talde nazional nagusia osatzen duten herrikideak bezain errealizatuak sentitzeko.

    Nazio bakoitzak ezaugarri espezifikoak ditu, eta identitate bat baino gehiago dituzten gizabanakoen taldeak lotzen ditu elka­rrekin. Nola lor daiteke errealitate soziologiko horietako bakoi­tzak ahotsa izatea politika publikoak ezartzeko orduan, gizarteari eragiten dioten hautuak egitean edota lurraldean presente dauden ohitura desberdinak uztartzen direnean? Erronka handia da, boterea zatikatzea eta demos kopuru handiago batentzat eskuragarri jartzea eskatzen baitu, baita, zeharka, zenbait proiektu nazional bideratzeko aukera ematea ere.

    Ziurgabetasunaren aroa liburuan, halaber, federalismoaren teoria bati forma ematen lagunduko duten printzipio nagusiak ere identifikatu nahi nituen, tradizioak errespetatzen dituena eta, aldi berean, onartutako ikuspuntu arauemaile bat proposatzen duena, nahiz eta federalismoaren arloko adituek ikuspuntu hori alde batera uzten duten oso maiz. Horregatik, ikerketa honetan, gai izan naiz aldi berean zenbait kontzeptu azpimarratzeko, hots, subiranotasun partekatua, kultura federala eta ituna.

    Zenbait egilek inspiratuta –Gérard Bouchard, Eugénie Brouillet, Guy Laforest, José María Sauca, Ferran Requejo, Yael Tamir, Charles Taylor, James Tully–, funtsezkoa iruditu zitzaidan gizartea egiteko zenbait kontsiderazio etikoren alde apustu egitea (Thériault, 2007). Kontsiderazio horietako lehenbizikoa lotua dago «neurriaren zentzua» delakoarekin eta itun federalean parte hartzen duten aldeen arteko oreka justu bat bilatzearekin. Beste modu batera esanda, ahalegina egin behar da komunitateen arteko harremanek gidatu dezaten itun federatiboaren kideetako bakoitzari guztiz errealizatua sentitzeko funtsezko botereak emateko borondatea.

    Kontsiderazio horietako bigarrena errespetuan oinarritutako harreman sozialak ezartzeko giro egokia sortzean datza. Askoz errazago

    ¿Disfrutas la vista previa?
    Página 1 de 1